XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Sobietarrek Jeorji'ren jabe egin ziranean Ambrosius zan Elizaren Patriarka, eta berealaxe jaso zuan abotsa aien zipotzkerien aurka.

Espetxera jaurtia izan genduan, Eliz aren buruzagi guztiekin batera, 1922'an.

Bost urte geroago, (1927), apaiz eta kristau geiago jausi ziran espetxera, eta orrela jarraitu zuan, oso era makurrean, Jeorji'ko Elizak, 1932'ean Kalestrato'k Patriarkadutza artu zuan arte.

Onek, Mosku'ko Patriarka Ortodoxiarra Jeorji'ko Elizaren Buruzagi Nagusi onezagutu zualako, lortu bait zuan askatasun-pitin bat bere Elizarentzat.

Bide ortatik jarraitu zuten aren ondorengo bi Patriarkek ere: Melkisedek III'ak eta Efrain II'ak.

Onek bere leialtasun zintzoa ere eskeiñi zion Jaurlaritzari.

Era berean jokatuz, bere Elizako 15 elizbarrutiak gotzaiez ornitu aal izan zituan, 1972'ean Patriarkadutzara igoa izan zan Dabid V'ak.

Errepublika Sozialist Sobietarren Alkarteko Diktaturtzaren menpean gelditu ziran katolikoek, ortodoxiarrek baiño milla aldiz zigor gogorragoa jasan bear izan dute.

Barreiatuak izan dira: ezereztuak.

I Ludi-Guduaren aurretik baziran Errusi'n 15 milloi katoliko, geienak, Uniata edo Erroma'rekin 1596'ean alkartuak.

Guda-ostean, Baltik-Laterriak eta Poloni Errusi'tik bereizi ziranez gero, 1.600.000 bakarrik ziran katolikoak sobietarren menpean 28 milloi ortodoxiarren artean.

Eta naiz an maometarrak ere aski ugari izan Asi'ako lurraldeetan, esan daiteke Errusi Laterri Ortodoxiarra zala.

1923'an Eliz Katoliko Uniataren gotzai danak baituak, erbesteratuak, edo fusillatuak izan ziran, Errusi'ren mendeko lurraldeetan.

Seminarioak, itxiak; apaiz-sagaraketa berriak debekatuak; jauretxeak, Laterriaren jabetzara eramanak.

Erabat ezabaturik gelditu zan Eliz Uniataren aztarna zitekean oro.

XV Benedikto'k ezin izan zuan ezer egin.

Soilki, Von Ropp Goigotzaia espetxetik ateratzea izan zan lortu zuan guzia.

Gero, Errusi'ko gosete aundiaren urteetan (1922'an eta 1923'an), artu zuten sobietarrek Aitasantuak bidalitako laguntza, baiña erlijio-ekintza oro galerazi zioten laguntza arekin joan zitzaien Bazkunari.

Iraultzaren asiera-asieratik ikusten bait zuan XV Benedikto'k iraultza aren osteko etorkizuna, etorkizun beltz ari aurpegi nolabait eman aal izateko irasi zituan 1917'an Eliz Sortaldetarren Kongregazioa, eta Pontificius Institutus Orientalis izeneko Erakundea, eta Kongregazio aren altzoan Errusi'ko Auzietarako Bazkuna.

1920'ean Bonnum Sane deritzan motu proprio edo bere-berezko idaztiaren bidez komunismoaren pentsaera gaitzetsi zigun (...).